Google Maps / Google Earth zerbitzuen Baldintza gehigarriak

Azken aldaketa: 2015/12/17

Eskerrik asko Google Maps eta Google Earth erabiltzeagatik ("Google Maps / Google Earth").

Google Maps eta Google Earth zerbitzuekin askotariko edukiak ikus eta erabil daitezke, besteak beste, mapak, erliebeari buruzko datuak, irudiak, enpresa-fitxak, trafikoa, iritziak eta haiekin erlazionatutako informazio gehiago, guztiak ere Google-k, bere lizentziadunek eta bere erabiltzaileek emanak ("Edukia").

Google Maps / Google Earth atzitzen, deskargatzen edo erabiltzen baduzu, hauek onartuko dituzu:

  1. Google Zerbitzu-baldintzak ("Baldintza unibertsalak")
  2. Maps / Google Earth baldintza gehigarriak ("Maps / Earth Baldintza gehigarriak")
  3. Google Maps / Google Earth Lege-oharrak ("Lege-oharrak")
  4. Google Pribatutasun-gidalerroak ("Pribatutasun-gidalerroak")

Irakurri lau dokumentu horiek arretaz, Baldintza unibertsaletatik hasita. Baldintza unibertsalek hainbat alderdi argitzen dituzte, besteak beste, zer eskubide ematen dituen kargatzen duzun edukiaren gaineko jabetza intelektualaren titular izateak, eta zer erantzukizun dakartzan Google edukia edo hirugarrenen edukia erabiltzeak edo Google Maps / Google Earth gidatzerakoan erabiltzeak.

Baldintza unibertsalak, Maps / Earth Baldintza gehigarriak, Lege-oharrak eta Pribatutasun-gidalerroak orokorrean aipatzen direnean, "Kontratua" terminoaren pean biltzen dira. Kontratuak lotu egiten zaituzte Google eta zu Google Maps / Google Earth erabiltzeari dagokionez.

  1. Lizentzia. Kontratuko baldintzen araupean, Google-k lizentzia ez-esklusiboa eta besterenezina ematen dizu Google Maps / Google Earth erabiltzeko, baita hauek egitea baimentzen dizuten eginbideak ere:

    1. Mapak ikusi eta haietan oharpenak egin.

    2. KML fitxategiak eta mapako geruzak sortu.

    3. Edukia publikoki bistaratu, sarean, bideoetan eta paperean, derrigorrezko eskuduntzak emanda.

    4. Google Maps, Google Earth eta Street View erabiltzea baimenen orrian zehazten diren beste gauza asko egin.

  2. Debekatutako jokabidea. Google Maps / Google Earth erabiltzean, agian ezin izango dituzu hauek egin (edo ez diezu hauek egiten utziko zure izenean dihardutenei):

    1. Google Maps / Google Earth zatiren bat banatu edo saldu, edo, Google Maps / Google Earth zerbitzuetan oinarrituta, beste produktu edo zerbitzu bat sortu (non eta ez dituzun Google Maps / Google Earth APIak beren zerbitzu-baldintzen arabera erabiltzen).

    2. Edukia kopiatu (non eta Google Maps, Google Earth eta Street View erabiltzea baimenen orriak edo jabetza intelektualari buruzko lege aplikagarriak horretarako baimena ematen ez duen, besteak beste, "bidezko erabilera").

    3. Edukia masiboki deskargatu edo haren jario masiboak sortu (edo beste norbaiti hori egiten utzi).

    4. Google Maps / Google Earth erabili mapekin erlazionatutako beste datu multzo bat sortzeko edo handitzeko (adibidez, mapetako edo nabigazioko datu multzoa, enpresa-fitxen datu-basea, posta-zerrenda edo telemarketineko zerrenda), Google Maps / Google Earth zerbitzuen ordezkoa edo oso antzekoa den zerbitzu batean erabil dadin.

    5. Google Maps / Google Earth zerbitzuen zatiren bat beste pertsona batzuen produktu edo zerbitzuekin batera erabili denbora errealean nabigatzeko edo ibilgailu autonomoak kontrolatzeko, non eta ez den Google-ren eginbide zehatz bat erabiltzen horretarako, adibidez, Android Auto edo Send to Car.

    6. Google Maps / Google Earth zerbitzuetako edo erlazionatutako softwareetako ingeniaritza alderantzikatu edo haietako iturburu-kodea erauzten saiatu, non eta lege aplikagarriak ez duen berariaz debekatzen murriztapen hori.

    7. Google zerbitzu-baldintzak, haietarako estekak edo haien oharrak kendu, ezkutatu edo aldatu, ezta copyright, marka komertzial edo jabetza-eskubideei buruzko beste ohar batzuk ere.

    8. Zerbait desegokia edo legez kanpokoa, edo besteen eskubideak (adibidez, pribatutasuna, publikotasuna eta jabetza intelektualaren eskubideak) urratzen dituen zerbait egin.

  3. Benetako egoera. Ardura hartzea. Google Maps / Google Earth zerbitzuetako mapetako datuak, trafikoa, jarraibideak eta bestelako edukia erabiltzen dituzunean, baliteke egungo egoera bat ez etortzea mapetako emaitzekin eta edukiarekin. Hortaz, jokatu zure irizpideen arabera eta erabili Google Maps / Google Earth zure ardurapean. Zure jokabidearen eta haren ondorioen erantzule izango zara uneoro.

  4. Google Maps / Google Earth zerbitzuetako edukia. Google Maps / Google Earth bidez kargatzen, bidaltzen, gordetzen edo jasotzen duzun edukia Google Baldintza unibertsalen menpe dago, baita "Gure zerbitzuetan duzun edukia" atalean agertzen den lizentziaren menpe ere. Hala ere, gailuan bakarrik gordeta geratzen den edukia (adibidez, KML fitxategiak) ez da Google-ra kargatzen edo bidaltzen; beraz, ez dago lizentzia horren menpe.

  5. Gobernuko erabiltzaileak. Gure zerbitzuak gobernuko erakunde baten izenean erabiltzen ari bazara, baldintza hauek aplikatuko dira:

    1. Gure zerbitzuen gobernu-erabilerak. Baldintza unibertsaletako "Gure zerbitzuen enpresa-erabilerak" atal osoa honekin ordeztuko da:

      "Gure zerbitzuak gobernuko erakunde baten izenean erabiltzen ari bazara, erakundeak baldintza hauek onartuko ditu. Lege aplikagarriak, araudiak edo pribilegio eta salbuespenek uzten duten heinean soilik, erakundea erantzukizunetatik salbuetsiko da, eta kalteak ordainduko dizkie Google-ri, haren bazkideei, ordezkariei, agenteei eta langileei, zerbitzuak erabiltzearen ondorioz edo baldintzak urratuz gero sor daitezkeen erreklamazio, ekintza edo prozedurengatik. Orobat, erakundeak bere gain hartuko ditu erreklamazio, galera, kalte, ebazpen, litigazio-kostu eta legezko zergek eragin ditzaketen erantzukizunak edo gastuak".

    2. Indarreko legeria.

      1. AEBetako eta Europar Batasuneko hiri edo estatuetako gobernu erakundeei ez zaie aplikatuko Baldintza unibertsalek indarreko legeriari eta jurisdikzioari buruz duten atala.

      2. AEBetako gobernu-erakunde federalei dagokienez, Baldintza unibertsalek indarreko legeriari eta jurisdikzioari buruz duten atal osoa honekin ordeztuko da:

        "Kontratua AEBetako legeen arabera eraendu, interpretatu eta gordearaziko da, legeen arteko gatazkak aipatu gabe. Lege federalek uzten duten heinean baino ez: (A) Kaliforniako estatuko legeak (Kaliforniako legeen arteko gatazken arauak kanpo) aplikatuko dira lege federal aplikagarririk ez dagoenean; eta (B) kontratu honekin edo zerbitzuekin erlazionatutako gatazka oro Santa Klara konderriko (Kalifornia) auzitegietan soilik ebatziko da. Hortaz, aldeek onartzen dute auzitegi horien jurisdikzio pertsonalari men egingo diotela".

    3. AEBetako Gobernuaren eskubide murriztuak. AEBetako gobernu federalak Google Maps / Google Earth erabiliz gero (edo zerbitzu horiek gobernuarentzat erabiliz gero), Lege-oharrak dokumentuko "AEBetako Gobernuaren eskubide murriztuak" atalari men egin behar zaio.